XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Albak katalejuak jeitsi eta eskua estutu zion.

- Ez, Didac, ez dago inor.

Eta hogei minuturen buruan bazekiten gainera telefonoak ez zebiltzala, argindarrik ez zegoela eta irratiak mututu egin zirela, zeren Kale Zabaleko etxe bateko logelako bazter batean aurkitu zuten transistorean gau mahaitxo batekin batera onik atera zen gauza bakarra ez zuten bat bera ere hartu, ez herritar ez kanpotarrik.

Didacek, geroz eta aurpegi zurbilagoz, zera esan zuen nigar zotinka: - Zer egingo dugu orain, Alba?.

Albak, zertxobait alaitu nahian, bizkarra inguratu zion beso batekin eta, berekin eramateko asmoa zuen irratitxoa laga gabe, zera esan zuen: - Ez etsi, Didac, aurrera egingo dugu eta.

- Eta zer egin dezakegu biok bakarrik? - Gauza asko.

Lehenik eta behin jan egingo dugu.

Ez zuten goserik baina Albak bazekien oso egun gogorra zutela gainean eta aurre egiteko gertu zegoen; neska borrokalaria izan zen betidanik.

Eta Kale Nagusiko kantoian zegoen janaridenda batean jan zuten, kontserba lataz eta potez beterik zeuden apalen artean eta urdaiazpikoz eta era askotako hestebetez gainezka zegoen makila luze baten azpian; mutur bat euskailutik kanpo zeukan honek eta baskularen gainean zintzilik zegoen.

Emeki-emeki jaten zuten, halabeharrez, eta janaria ahoan bueltaka zerabilten; eginahal handiak egin behar zituzten irensteko; berdin zintzurretik behera janaria errazago joan zedin, metal ur botila bat zabaldu zutenean ere.

Sabela nahasi eta bihotza txiki zeukaten biek.